Cabecera Interior

Doako bisita gidatuak irailaren 19an eta 20an egingo dira, eta Irun, Hondarribia eta Hendaiako natura- eta historia-ondarea ezagutzeko aukera emango dute Badiako Bidean barrena.

Plazak mugatuak dira, gehienez 12 parte-hartzaile talde bakoitzeko, eta izen-ematea bisita bakoitzaren bezperara arte egongo da zabalik.

CARTEL VISITAS GUIADAS SEM26

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek osatutako Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak bizikletaz egiteko doako bi bisita gidatu antolatu ditu irailaren 19an eta 20an, 2026ko Mugikortasunaren Europako Astearen harira. Ekimenak mugaz gaindiko lurraldeko historia- eta natura-ondarea beste modu batean ezagutzea proposatzen du, mugikortasun jasangarria, aire zabaleko jarduera eta ingurunearen ezagutza uztartuz.

Bi irteerak 10:30ean izango dira, ordu eta erdiko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta Badiako Bidearen hainbat zatitan barrena egingo dira. Plazak mugatuak dira eta gehienez 12 laguneko taldeak antolatuko dira. Parte hartzeko gutxieneko adina 12 urtekoa da.

Proposamenaren helburua Irunek, Hondarribiak eta Hendaiak partekatzen duten ondarea herritarrei hurbiltzea da, mugaz gaindiko ikuspegi jasangarri batetik. Ibilbideetan zehar, parte-hartzaileek Bidasoa-Txingudi badiaren inguruan dauden natura-, historia- eta kultura-gune nagusietako batzuk ezagutzeko aukera izango dute.

Lurraldea ezagutzeko bi ibilbide

Lehenengo bisita irailaren 19an, larunbatean, 10:30ean izango da. Ibilbidea Nazioarteko Etorbideko zubitik abiatuko da eta Hondarribiko hirigune historikorantz joko du, Irungo Plaiaundiko parke ekologikotik igarota.

Bigarren irteera irailaren 20an, igandean, 10:30ean egingo da. Oraingoan ere Nazioarteko Etorbideko zubitik abiatuko da ibilbidea, Hendaiako gotorleku zaharrera eta portura joateko, Irungo Faisaien Uhartetik igarota.

Bi egunetako elkargunea Bidasoko Interpretazio Zentroa izango da, Irungo Iparralde hiribideko 63. zenbakian, nazioarteko zubiaren ondoan.

Bisitak lurraldeko hiru hizkuntzetan egingo dira —euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez—, hizkuntza bakoitzerako gida batekin. Izena emateko unean aukeratutako hizkuntza adierazi beharko da. Gainera, egunetako batean izena emateko edo bietan parte hartzeko aukera egongo da.

Norberaren bizikleta eta talde txikiak

Parte-hartzaile bakoitzak bere bizikletarekin joan beharko du elkargunera. Ibilbidea hasi aurretik, ur botilatxo bat, Badiako Bideari buruzko liburuxka bat eta mugaz gaindiko mugikortasun-mapa bat banatuko dira. Bisita amaitutakoan, itzulera librea izango da; beraz, nahi dutenek beren kabuz jarraitu ahal izango dute lurraldea bizikletaz zeharkatzen.

Jarduera 12 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Adingabeek pertsona heldu batekin joan beharko dute. Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa da 16 urtetik beherakoentzat, baina gainerako parte-hartzaileei ere erabiltzea gomendatzen zaie.

Ekimen honen bidez, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak hiru udalerrietako herritarrak eta eskualdea bisitatzen duten pertsonak animatu nahi ditu Mugikortasunaren Europako Astea aprobetxatzera eta partekatutako ondarea modu osasungarri eta ingurune naturala errespetatzen duen batean ezagutzera.

Izen-ematea zabalik bisita bakoitzaren bezperara arte

Parte-hartzea doakoa da, baina plaza kopurua mugatua denez, aldez aurretik izena eman behar da. Izen-ematea jarduerarako prestatutako formularioaren bidez egin ahal izango da; formulario hori informazio-kartelean agertzen den QR kodearen bidez edo Partzuergoaren webgunean prestatutako estekaren bidez ere eskuratu ahal izango da.

Izena emateko epea aukeratutako bisitaren bezperan amaituko da.

Informazio gehiago nahi dutenek Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatz dezakete edo (+34) 943 50 96 00 telefonora deitu, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 14:00etara, irailaren 18a barne.

Halaber, (+34) 943 02 07 32 telefonoa ere erabilgarri egongo da ostiraletan 15:30etik 19:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara, jarduerarako ezarritako arreta-ordutegien arabera.

Bisitei buruzko informazio guztia hemen ere kontsulta daiteke:

EKINTZAREN DESKRIBAPENA

IZEN EMATEKO GALDETEGIA