Cabecera Interior

Mugaz gaindiko kirol-ekitaldi horrek Irun, Hondarribia eta Hendaiako gazteak biltzen ditu.

KIROL JAIA 2023

Mini Olinpiada hauen helburu nagusia hiru udalerrietako ikasleen harremana eta hurbilketa sustatzea da, kirol- eta joko-jardueren bidez. Horretarako, 8 eta 12 urte arteko ikasleei zuzendutako ekitaldi horren beste edizio bat antolatu dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.

Eskualdeko zenbait ikastetxetako 600 haurrek baino gehiagok hartu zuten parte ekimenean, askotariko helburuekin: kirola jarduera osasuntsu gisa modu erregularrean egiteak duen garrantzia azpimarratzea, kirolarekin lotutako balioak sustatzea (hala nola talde-lana, norbere burua gainditzea, adiskidetasuna) edota eskualdean dagoen askotariko kirol-aukera ezagutzera ematea.

Egunean zehar, talde parte-hartzaileek aukera izan zuten zenbait kirol-klubekin elkarlanean antolatutako 17 tailer eta jolasetan parte hartzeko. Kirol-diziplina ugari egon ziren presente Mini Olinpiada horietan: atletismoa, txirrindularitza, mahai-tenisa, arrauna, xakea, eskubaloia, surf-skatea, futbola, tenisa, kenpo kaia, errugbia, zirkuko arte akrobatikoak, boleibola, badmintona eta round neta.

Programaren parte gisa, «Marraztu Bidasoa» marrazki-lehiaketaren beste edizio bat ere antolatu zuen Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak. Hautatutako marrazkiak udan zehar ikusgai egongo dira Bidasoko Interpretazio Zentroan, Abenida zubian. Horrela, artista gazteek beren sormena erakusteko parada izango dute.

Jardunaldia antolatzeko laguntza ekonomikoa ematen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Amaitzeko, Real Sociedad fundazioak eta Decathlonek eskainitako sari batzuk zozkatu ziren, eta hiru udaletako Kirol arloetako ordezkariek banatu zituzten. Parte-hartzaile guziek diploma bat jaso zuten, oroigarri gisa eta beren parte-hartzea saritzeko.

Mini Olinpiadak Bidasoa-Txingudiko Eskola Kirolaren Jaian sartzen dira. Jaia 2005. urteaz geroztik ospatzen da eta eskualdean ekitaldi garrantzitsua bihurtu dira, kirolaren bidez belaunaldi gazteenen artean funtsezko balioak sustatuz.