Cabecera Interior
  • Abuztuaren 19, 20 eta 21ean egingo da XXI. edizioa

  • Kontzertuak doan izango dira eta Hendaian, Hondarribian eta Irunen ospatuko dira

 BIDASOA FOLK 2022 bis

 

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folken XXI. edizioa antolatu dute. Abuztuaren 19, 20 eta 21ean izango da Hendaia, Hondarribian eta Irunen, hurrenez hurren. 5 kontzertu egingo dira Folkaren eta musika garaikidearen eszenan erreferentzia diren taldeekin. Aragoi, Maroko, Portugal, Galizia, Andaluzia eta, nola ez, Euskal Herritik etorritako artistez gozatzeko aukera izango da.

Irungo Udalaren ordezkari gisa Miguel Angel Paezek hauxe nabarmendu du “Bidasoa Folk antolatzen dugun hogeita batgarren urtea da jarraian aurtengoa, apustu irmoa eginez kalitatezko musikaren eta kultur aberastasunaren alde, betiere ardatz gisa kontuan harturik ekitaldiaren mugaz gaindiko izaera”.

Bestalde, Hondarribiko Udalaren ordezkari gisa hauxe esan du Kulturako zinegotzi Juan Luis Silanesek “abuztuaren erdian, Txingudi badiako hiru hiriak eszenatoki ezin hobeak izango dira oso kalitate handiko folk musika entzuteko, seguru txoratuta geldituko direla herritarrak nahiz kanpotik etortzen direnak”.

Hendaiako Udalaren ordezkari gisa, hauxe erantsi du Itziar Aizpuru, “oso kontuan eduki behar dugu Bidasoa Folkek kultur balio handiko kontzertuak eskaintzen dituela, garai ezin hobean, eta gainera doan. Bidasoan udaz gozatzeko modu bikaina, inolaz ere”.

Azkenik, Joxean Martinek, Zinemaldiaren antolatzaileak, azpimarratu du aurtengo edizioan musika akustiko, etniko eta garaikidean zentratu garela, publikoarentzat hain ezaguna ez den horretan.

Abuztuak 19 – Michel Etcheverry Hendaian

Jaialdia abuztuaren 19an hasiko da Hendaiako Gaztelu Zahar Frontoian 21:00etan Michel Etcheverryren kontzertuarekin.

70 urteko abeslari baxu nafarrak, musika ibilbide luzea frantsesez batez ere egin duenak, bere hogeita zortzigarren albuma euskaraz grabatu berri du, Ezinago maitaturik izenekoa. Euskarazko 10 abestiren bilduma, bere ama hizkuntza. Diskoak mugarri bat jartzen du artistaren ibilbidean, eta zalantzarik gabe, "Benetako iraultzatzat" jotzen du.

Abuztuak 19 – O 'Carolan Hendaian

Bigarren kontzertua ere Hendaian izango da, lehenengoa amaitutakoan, 22:30etan.

O’Carolan taldeak Turlough O’Carolan (1670-1738) harpa jotzaile irlandarrarengandik hartzen du izena, musikagile eta musikaria, "azken bardoa" bezala ezagutzen dena eta barrokoa eta musika tradizionala modu naturalean bat egitea jakin zuena. Taldearen errepertorioa elikatzen duten kantu gehienak egile honen konposizioak dira. Hau osatzeko, beste eskualde eta kultura batzuetako pieza tradizionalak sartzen dituzte (Espainia, Frantzia, Erdialdeko Europa...)

O'Carolanek eszenatokian zabaltzen duen instrumentu sorta handiak hamaika soinu ñabardura ematen dizkio bere musikari, eta horiek, interpreteen kalitatearekin batera, une berezi bihurtzen dituzte emanaldiak.

Talde honek jaialdi askotan parte hartu du. Gaur egun, Espainia eta Europako hainbat hiritan "Ametsen giltza" azken diskoa aurkezten ari dira, eta entzuleek eta kritikariek harrera beroa egin diote.

Abuztuak 20 – Ensemble andalusí del mediterráneo Hondarribian

Hondarribiko Arma plazan ospatuko da Bidasoa Folk jaialdiaren bigarren jardunaldia. 21:00etan, Ensemble andalusí del mediterraneo taldearen kontzertua hasiko da.

2020. urtearen amaieran sortu zen Fundación Tres Culturas del Mediterráneo eta Andaluziako Juntako Kultura Kontseilaritzaren bultzadari esker, flamenkoaren Nazioarteko Egunaren urteurrenean eta UNESCOk Andaluziako musika Gizateriaren Ondare materiagabe gisa aitortzeko erreklamazio gisa. Sortu zenetik, zuzendaritza artistiko, musikal eta pedagogikoaren arduraduna Aziz Samsaoui da, OATeko zuzendaria eta kidea.

Zalantzarik gabe, Andaluzian sartu ziren lehen arabiarretatik eta Marokoko iparraldean eta Al-Andalusen ezarri ziren Ekialde Ertaineko lehen etorkinetatik abiatu zen musika andaluziarra penintsulan. Ekialdeko musikarekin eta leku horietako bakoitzeko bertako musika tradizionalarekin aberastua eta mendeetan zehar garatua – Hein handi batean, Marokoren eta Al-Andalusen arteko harreman onei esker –, errepertorio hau XIII. eta XIV. mendeetan zabaldu zen, eta bizirik mantendu zen belaunaldiz belaunaldi transmititu duten marokoarren artean, ahoz, eta bereziki haien benetakotasuna zainduz.

Abuztuak 20 – Celina da Piedade Hondarribian

Larunbateko bigarren kontzertua ere Hondarribian izango da 22:30etan, Celina da Piedaderen eskutik, portugaldar tradizioa munduko musiketara hurbildu duen pertsona garrantzitsuenetako bat.

Celina da Piedade soinujolea, kantaria eta konpositorea da. Hiru album ditu bakarka, Em casa (2012), O cante das ervas (2014) eta Sol (2016).

Bost urterekin hasi zen musika ikasten eta handik gutxira jendaurrean jotzen zuen. Setubalgo Kontserbatorioan ikasi zuen, Kultura Ondarean lizentziatu zen eta Herri Musikako ikasketetan graduondoko ikasketak egin zituen. 98az geroztik Associação PédeXumborekin kolaboratzen du, ohorezko lehendakari delarik (honekin Caderno de danças do Alentejo liburua argitaratu zuen). 2000. urtean Ensemble de Rodrigo Leão Zinema osatu zuen, eta eszenatokia Mayra Andrade, Uxía, Ludovico Einaudi, Gaiteiros de Lisboa, António Chainho eta Samuel Úria izen handiko pertsonekin ere partekatu du.

Abuztuak 21 – Uxia & Javier Ruibal Irunen

Jaialdia Irunen itxiko da, abuztuaren 21ean, Juncal plazan, 21:00etan, Uxia & Javier Ruibalekin.

Uxiak eta Ruibalek esperientzia handia dute olerkariak musikatzen. Bi artistak mundura proiektatzen dena iberiar musika herrikoitik datoz; Lorcak eta Rosaliak beren bertsoetara eramandako ondare horretatik edaten duten bi ahots dira, musikaltasun eta inspirazio hutsa direnak.

«De tu casa a la mía» bi poeta unibertsalen, Rosalía eta Lorcaren, erretratu musikal bat da, bi idazleen poesiari hegoak jartzen dizkioten bi arimaren sentimendutik abiatuta, eta okasiorako sorkuntza originalez gain. Musikak eta olerkiak hegoaldetik iparraldera, musikaren zilarraren bidea. Lan hau beste urrats bat da adiskidetasun eta konplizitate istorio batean, Lorca Granadatik Santiagora hasitako bideari jarraitu nahi diona, iparralde-hegoalde ermandadea, espiritu eta idealen hurbiltasuna zigilatuz; batzen gaituena erdigunean jartzea, eta ez banatzen gaituena, «Zure etxetik nirera zubiak eraikitzea», bi irudi unibertsalen bertso eta arimaren gainean.

Bidasoa Folken espiritua

2001ean sortua, kultura arteko proiektu honen hasierako asmoa zen mugaz gaindiko folk musika jaialdi bat antolatzea Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalen artean, BIDASOA-TXINGUDI MUGAZ GAINDIKO PARTZUERGOAREN bidez.

Udalen arteko lankidetza horrek aukera eman du antolakuntza mailan ahalegin guztiak elkartzeko eta kalitatezko folk musika jaialdia aurkeztu ahal izateko doaneko kontzertuen bidez, era guztietako jendea erakarri ahal izateko: Bidasoaldeko herritarrak eta bisitariak, gazteak eta hain gazteak ez direnak, zaleak eta jakin-nahia dutenak...

Jaialdi honek aukera ematen du Bidasoa-Txingudi Eskualdea kultur eta turismo intereseko gune gisa garatzeko eta era berean hainbat herrialdetako musikari eta tradizioei balioa emateko. Gainera, jaialdi honen kultur eta musika aniztasunak agerian uzten du Bidasoa-Txingudiko lurraldeak berak duen kultur aniztasuna.

Jaialdi paregabe honek irauten duen bitartean Bidasoa-Txingudi eskualdeko herritarrak biltzea eta elkar hobeto ezagutzea ere bada Bidasoa Folken beste izateko arrazoietako bat.

+INFO => www.irunhondarribiahendaye.com/bidasoafolk/