Cabecera Interior

Hondarribiko alkatea, Txomin Sagarzazu, izango da presidente berria; Hendaiakoak, Kotte Ecenarro, eta Irungoak, Jose Antonio Santano, lehen eta bigarren lehendakariorde postuak beteko dituzte, hurrenez hurren.

 

FOTO ALCALDES

 

Hendaiako Udaleko Osoko Bilkuren Aretoak Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren Kontseilu Nagusiaren bilera bat hartu du gaur goizean. Bilera horretan, honako hauek irakurri eta onartu dira: 2019ko abenduaren 11ko bilkuraren akta; ebazpenen kontuak ematea; Partzuergoaren eta Bidasoa bizirik-en arteko kudeaketa-hitzarmena onartzeko ebazpena berrestea eta Partzuergoko Kontseilu Nagusiko karguak izendatzea.

Abenduaren 11ko bilkurako akta irakurri ondoren, Partzuergoko presidenteak, Kotte Ecenarrok, hartutako ebazpenen berri eman du: batetik, 2019ko abenduaren 11ko 13. ebazpena, tokiko hedabideen esparruan euskara sustatzeko diru-laguntzak ematen dituena.

Bestetik, 2020ko otsailaren 6ko 1 zk.dun ebazpena, Kultura -Juncal Eizaguirre-, Euskara -Maria Serrano-, Kirolak -Borja Olazabal- eta Turismo -Frédéric Tranche- alorretan eratutako lau lan-batzordeetako presidenteak izendatzeko balio duena, baita batzordeetako kideak, lagunduko dieten udal teknikariak eta idazkaritza funtzioak bere gain hartzen dituen Partzuergoko talde teknikoa ere.

Gainera, Bidasoa bizirik-ek Partzuergoaren jarduera osoaren kudeaketa bere gain hartzen duen hitzarmena onartu eta sinatu da. Ondorioz, Bidasoa bizirik Partzuergoko organo erabakitzaileek hartutako erabakiak eta ebazpenak kudeatzeaz eta betearazteaz arduratuko da, eta Partzuergoaren eginkizun dinamizatzailea hartzen du bere gain, proiektuak bultzatuz eta jarduketa-irizpideak proposatuz.

Aldi berean, Partzuergoak konpromisoa hartu du aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa esleitzeko, hitzarmen horretatik eratorritako betebeharrei aurre egiteko, betearaztea dagokion ekitaldiko aurrekontuan.

Partzuergoko lehendakaria eta lehendakariordeak izendatzea

Azkenik, Partzuergoaren estatutuetan ezartzen denez, lehendakariaren eta bi lehendakariordeen karguak txandaka beteko dira urtebetez, eta, horrenbestez, Partzuergoaren Kontseilu Nagusiari honako erabaki-proposamen hau helarazi zaio: Partzuergoko Kontseilu Nagusiko lehendakari izendatzea Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea; lehen lehendakariorde Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea, eta bigarren lehendakariorde Jose Antonio Santano Irungo alkatea.