“Eskola kirolaren festa”ren beste edizio bat burutu zuen, maiatzak 24, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako ikasleak biltzeko asmoz. 2004az geroztik egiten da ekimena, eta FICOBA Erakustazokan izan da, 15:00etatik 19:00etara.
Hiru hirietako 375 ikaslek parte hartu dute jardueretan. Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak ikastetxeen eta kirol elkarteen ahaleginaren eta kolaborazioaren balorazio baikorra egin du.
Eskualdeko neska-mutilek kirol jarduera ezberdinak burutzeko eta kirol ospetsuenetako batzuk praktikatzeko aukera izan dute. Eskola urtearen amaiera ospatzeko antolatu da kirolaren festa bateratua, badiako hiru hirietako 8 eta 11 urte arteko umeekin.
Aukera zabala egon da
Kirolarekin lotutako gaztelu puzgarriak jarri dira, kirol tailer ludikoekin batera, lehia izaerarik eman gabe. Ondorengo kirolak probatu ahal izan dituzte parte hartzaileek: txirrindularitza (Irungo Txirrindulari Elkartea), mahai tenisa (Leka Enea), xakea (Marlaxka), esgrima (Esgrima Irun), dantza tailerra (Txiribuelta Haur Ekintzak) eta marrazketa tailer bat.
Hiru bizikleta zozkatu dituzte
Ekimeneko puntu nagusietako bat hiru bizikletaren zozketa izan da. Irungo Udaleko Pedro Alegre, Hondarribiko Udaleko Juan Luis Silanes eta Hendaiako Udaleko Jean Michel Arruabarrena egon dira sari banaketa ekitaldian.
Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalez gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntza eman du, Ficobak instalazioak utzi ditu, eta Alcampo hipermerkatuak zozketarako hiru bizikletak eman ditu "Kirol Jaia"-ri.