Ekimenak Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuko ditu azaroaren 22an, uretako ibilaldiaren, txirrindularitzaren eta oinezko lasterketaren arteko taldeko erreleboen bidez.
Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du, Emeki eta Hendaia Uretan elkarteekin elkarlanean, eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren diru-laguntza jaso du HIRUAK BAT funtsen esparruan.

Irungo, Hondarribiako eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, babesa eman diote Indarkeria Matxistaren aurkako Elkartasunezko Mugaz Gaindiko Triatloiari. Ekimenak hiru hiriak lotuko ditu datorren azaroaren 22an, berdintasuna, kulturen eta belaunaldien arteko bizikidetza eta emakumeen aurkako indarkeriaren arbuio kolektiboa sustatzeko.
Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du proiektua, Emeki Elkartearekin eta Hendaia Uretan elkartearekin elkarlanean, eta Partzuergoaren dirulaguntza jaso du HIRUAK BAT funtsen esparruan. Proposamenak kirola, elkartasuna eta aldarrikapena uztartzen ditu, adin eta jatorri desberdinetako emakumeen artean loturak sortzeko eta mugaren bi aldeetako elkarteen arteko lankidetza indartzeko.
Nuria Alzaga Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak nabarmendu duenez, “triatloi honek hiru hiriak konpromiso partekatu baten inguruan elkartzeko aukera ematen digu: indarkeria matxistarik gabeko gizarte baterantz aurrera egitea. HIRUAK BAT funtsen laguntzarekin, elkarte-saretik sortutako ekimen bat babesten dugu, kirola parte hartzeko eta elkartasuna adierazteko bide bihurtzen duena”.
“Egindako urrats, pedalkada eta metro bakoitza indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa da” lelopean, jarduera azaroaren 25aren, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren, harira antolatu da.
Hiru modalitate eta taldeko erreleboa
Triatloia hiru diziplinaren arteko taldeko erreleboen bidez egingo da. Lehenengoa bi kilometro inguruko uretako ibilaldia izango da, Hendaiako hondartzan. Parte-hartzaile guztiek tarte hori amaitu ondoren, txirrindulariak batera abiatuko dira.
Bigarren fasean, bizikletaz 15 kilometro inguruko ibilbidea egingo da Irungo Zabalgune plazaraino. Bertan, hainbat ekitaldi aurreikusten dira, ondoren Hondarribiko Benta Zaharreraino jarraitzeko. Handik abiatuko da azken erreleboa, 5,5 kilometro inguruko oinezko lasterketa bat Porturaino, Bentara itzuliz. Bertan amaiera ekitaldia egingo da eta parte-hartzaileak omenduko dira.
Emakume bakoitzak modalitate bakarrean emango du izena. Antolakuntzak diziplina bakoitzean 100 emakume inguruk parte hartzea aurreikusten du. Adingabeek amaren, aitaren edo legezko ordezkariaren baimena aurkeztu beharko dute.
Probaren egiturak esanahi sinbolikoa ere badu: errelebo bakoitzak emakumeen artean babesa, konfiantza eta elkartasuna transmititzea irudikatzen du. Helburua esperientzia bat partekatzea da, ahalegin kolektiboaren bidez berdintasunarekiko konpromiso komuna agerian jartzeko.
Ildo horretan, Estitxu Urtizberea Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak emakumeen arteko topaketan jarri du arreta: “Errelebo bakoitzak elkarri eskain diezaiokegun babesa irudikatzen du. Jardunaldi hau adin eta kultura desberdinetako emakumeen artean esperientziak partekatzeko, loturak sortzeko eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeei laguntzen dieten elkarteen lana ikusarazteko baliagarria izatea nahi dugu”.
Elkartasuna indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin
Elkartasunezko izen-emateen, kamiseten salmentaren, dohaintzen eta erakunde laguntzaileen ekarpenen bidez lortutako irabazi guztiak Irungo Bizibidean eta Hendaiako Baguera elkarteentzat izango dira. Bi elkarteek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta, laguntza eta babesa eskaintzen dizkiete.
Dirua biltzeaz gain, ekimenak elkarte horien lana ezagutarazi nahi du, baita herritarrak sentsibilizatu ere, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko prebentzioak eta gizartearen konpromisoak duten garrantziaz.
Mugaz gaindiko lankidetza berdintasunaren alde
Hendaia, Irun eta Hondarribia zeharkatuko dituen ibilbideak mezu partekatua eramango du espazio publikora: indarkeria matxistaren aurkako borrokak gizarte osoaren inplikazioa eta Bidasoaren bi aldeetako lankidetza behar ditu.
Era berean, Itziar Aizpuru Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak ekimenaren mugaz gaindiko izaera azpimarratu du: "Hendaia, Irun eta Hondarribia helburu berarekin zeharkatzeak agerian uzten du mugaren bi aldeetan elkarrekin lan egitearen garrantzia. Elkarteen arteko lankidetza eta herritarren konpromisoa funtsezkoak dira berdintasuna sustatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen dugula adierazteko".
HIRUAK BAT funtsen bidez proiektu hau babestuta, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak hiru hirietako elkarte-sarea lotzen duen eta belaunaldi eta kultura desberdinetako emakumeen parte-hartzea sustatzen duen ekimena bultzatzen laguntzen du. Kirola egiteko, babes-sareak indartzeko eta indarkeria matxistarik gabeko lurralde baterantz elkarrekin aurrera egiteko jardunaldia izango da.
