Cabecera Interior

Adrian Martinez Rodriguez eta Eider Aramendi Peña izan dira edizio honetako sarituak. Bidasoa Folk jaialdiko kontzertuetako giroa irudikatzea zen aurtengo proposamena.

ENTREGA DE PREMIOS

Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, "Marraztu Bidasoa 2026" haurren marrazki lehiaketako sariak eman dizkiete Adrian Martinez Rodriguezi eta Eider Aramendi Peñari. Lehiaketa ondare historikoari eta naturalari balioa emateko programaren barruan dago, eta lurraldearen aberastasuna haurrei hurbiltzea du helburu, adierazpen artistikoaren bidez.

Deialdia Bidasoa-Txingudiko Eskola Festan parte hartu zuten 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta zegoen. Edizio honetan, musika kontzertu batez gozatzen ari den pertsona talde bat marraztea zen erronka, aurten 25. urteurrena bete duen Bidasoa Folk jaialdia eta Irunen, Hondarribian eta Hendaian dituen agertokiak inspirazio iturri hartuta.

Horrela, parte-hartzaileek marrazkien bidez adierazi ahal izan zuten nola irudikatzen zuten senideekin eta lagunekin partekatutako musika esperientzia bat, Junkaleko plazatxoan, Arma Plazan edo Gaztelu Zahar pilotalekuan, esaterako.

Haurren sormenari aitortza

Oinarriek bi kategoria ezartzen zituzten: 7 eta 9 urte artekoa eta 10 eta 12 urte artekoa. Kategoria bakoitzeko saria arte materialez osatutako kit bat zen.

Saritutako lanei aitortza egiteaz gain, ekimenak aukera ematen du haurrek lurraldeko kultura bizitzaz eta hiru hirien arteko topaguneez duten ikuspegia jasotzeko.

Nuria Alzagak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak, honako hau nabarmendu du: "Lehiaketa hau partekatzen dugun lurraldea haurrei hurbiltzeko eta bertako kultura bizitzan parte hartzeko aukera emateko modu bat da. Haien marrazkiek Irun, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituzten espazioak eta esperientziak nola ikusten dituzten ezagutzeko aukera ematen digute".

Bestalde, Estitxu Urtizbereak, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak, honako hau azpimarratu du: "Saritutakoen sormena aitortu nahi dugu, eta ekimen honekin bat egin duten haur guztien parte-hartzea eskertu. Marrazteak aukera ematen die beren burua adierazteko, beren ikuspegia partekatzeko eta gure hirietako bizitzaren parte sentitzek".

Pascal Destruhaut Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak adierazi duenez, "Bidasoa Folk jaialdiak hiru hirietako publikoa musikaren inguruan elkartzen du. Esperientzia hori haurren marrazkietara eramateak aukera ematen du txikienek ere bere egin dezaten, eta Bidasoaren bi ertzen arteko loturak eraikitzen jarraitzen laguntzen digu".

Oinarriek marrazkien erakusketa bat ere aurreikusten dute Bidasoaren Interpretazio Zentroan, Irungo Iparralde hiribideko 63. zenbakian dagoen Aduanaren eraikin zaharrean, baita Partzuergoaren webgunean zabaltzea ere. Lanak irudi banku batean bilduko dira, lurraldeko erakundeek etorkizunean elkarrekin egingo dituzten jardueretan erabiltzeko.