Hendaian, Hondarribian eta Irunen egindako sei kontzertuek bostehun lagun inguru bildu zituzten saio bakoitzean, ordutegiak eta espazioak egokitzera behartu zuen eguraldia gorabehera.
25 edizioetako kartelen erakusketak eta Kospeistar Orkestraren kalejirak osatu zuten urteurrenaren ospakizuna.

Bidasoa Folk jaialdiak XXV. edizioa amaitu du, oso balorazio positiboarekin. Hendaian, Hondarribian eta Irunen izandako hiru musika-jardunaldiek berriro agerian utzi dute hitzorduak errotze handia duela; izan ere, 25 ediziotan zehar, sustraietako musikaren bidez hiru hirien arteko topagune bihurtu da.
Abuztuaren 21ean, 22an eta 23an, hiru hiriek guztira sei kontzertu hartu zituzten, Hendaia, Hondarribia eta Irungo udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez antolatutako egitarauaren barruan.
Eguraldi ezegonkorrak zenbait ordutegi eta hasieran aurreikusitako espazio batzuk aldatzera behartu zuen. Hala ere, egoera horrek ez zuen egitaraua aurrera eramatea eragotzi, ezta publikoaren erantzuna apaldu ere. Kontzertu bakoitzean bostehun lagun inguru bildu ziren, eta berriro ere babesa eman zioten kultura-aniztasuna, kalitate artistikoa eta musika zein tradizioen arteko elkarrizketa ezaugarri dituen proposamenari.
Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidente Nuria Alzagak nabarmendu duenez, «25 ediziotara iristeak esan nahi du Bidasoa Folk dagoeneko gure eskualdeko kultura-bizitzaren parte dela. Urte hauetan guztietan oso gauza polita lortu dugu: musikak Hendaia, Hondarribia eta Irun artean mugitzera bultzatzea, kultura desberdinak ezagutzea eta Bidasoaren bi aldeetako espazioak partekatzea. Eta aurten publikoak berriro erakutsi du, gurekin egonez eguraldiak ordutegiak eta agertokiak aldatzera behartu gintuenean ere».
Halaber, Alzagak gaineratu duenez, «babes horrek lanean jarraitzera animatzen gaitu, hitzordu honen indargune nagusietako bat horixe baita: hiru hiri desberdin jaialdi bera partekatzen eta kultura topagune bihurtzen».
Bestalde, Estitxu Urtizbereak jaialdiaren dimentsio kulturala eta humanoa nabarmendu du: “Bidasoa Folkek urtero gogorarazten digu lurralde bat baino askoz gehiago partekatzen dugula. Musikak elkarrengana hurbiltzeko, beste tradizio batzuk ezagutzeko eta Hendaia, Hondarribia eta Irungo herritarren artean topaguneak sortzeko aukera ematen digu. 25. ediziora iritsi izana, Bidasoaren bi aldeetako jendea biltzeko gaitasun horri eutsiz, jaialdiaren balio handienetako bat da, zalantzarik gabe”.
Era berean, Pascal Destruhautek publikoaren erantzuna eta aurtengo edizioak egoera desberdinetara egokitzeko izan duen gaitasuna azpimarratu ditu: “Kontzertuek izan duten harrera bikainak, eguraldiak zenbait aldaketa egitera behartu gaituen arren, argi erakusten du Bidasoa Folkek publikoaren interesa eta estimua bereganatu dituela. Hain berezia izan den edizio honetan, proposamen oso desberdinak izan ditugu berriro ere: tradizioari estuki lotutako musikak zein tradizio hori interpretatzeko modu berriak esploratzen dituzten artistak. Horri esker, jaialdia duela 25 urte sortu zeneko espirituak bizirik jarraitzen du”.

Hiru hiri eta sei musika-proposamen
Egitaraua ostiralean hasi zen Hendaian. Lehenik, Kospeistar Orkestrak musika kalera eraman zuen kalejira batekin. Lapurdiko taldeak Serbiako, Bulgariako, Mazedoniako eta Balkanetako beste lurralde batzuetako tradiziozko musikak hurbildu zizkion publikoari.
Ondoren, Seamus & Caoimhe taldearen txanda iritsi zen. Haien proposamenean gaelera, doinu tradizionalak eta harpa zelta, shruti boxa edo bodhrána bezalako instrumentuen soinuak izan ziren protagonista.
Larunbatean, Hondarribiak hartu zuen lekukoa, bi emakumezko ahotsekin. Azkaineko Julie Rouault kantautoreak Eklore lehen diskoa aurkeztu zuen, bere konposizioak eta euskal kantutegi herrikoiari buruzko begirada garaikidea uztartuz.
Ondoren, María Terremotok flamenkoarekin topo egiteko gune bihurtu zuen Itsas Etxea Auditoriumeko agertokia.

Irunek tradizioaren eta sonoritate berrien artean eman dio amaiera jaialdiari
Azken jardunaldia igandean egin zen Irunen, Caamaño & Ameixeiras eta Xabi Aburruzaga Taldearekin.
Galiziako bikoteak Galiziako erritu, sinesmen eta iruditeria herrikoian oinarritutako proposamena aurkeztu zuen, ikuspegi garaikidetik berrinterpretatuta. Horrela, musika tradizionalak eboluzionatu, bere burua berrasmatu eta publiko berriekin konektatzen jarrai dezakeela erakutsi zuten.
Amaiera Xabi Aburruzaga Taldearen eskutik iritsi zen, Bask! azken lana aurkeztuta. Ikuskizunean, euskal sustraietako musikak sonoritate berriekin eta dantza garaikidearekin egin zuen bat.

25 edizio, kultura topagune bihurtzen
25 edizioren ondoren, Bidasoa Folk mugaz gaindiko kultura-hitzordu gisa sendotzen jarraitzen du, munduko hainbat tokitako musikak eta kulturak hurbiltzeko eta, aldi berean, Hendaia, Hondarribia eta Irunen arteko loturak indartzeko gai dena.
Aurten hiru agertokietatik igaro diren estilo eta soinuen aniztasunak berriro laburbiltzen du jaialdiaren funtsa: mende laurden geroago, Bidasoaren bi aldeetan musikan hizkuntza komun bat aurkitzen jarraitzen duen jaialdia.
Marrazki erakusketa
Horrez gain, joan den ekainaren 17an Ficoban egindako Mini-Olinpiadetan sortutako marrazkiak ikusgai egongo dira Bidasoako Interpretazio Zentroan, Irunen (Iparralde hiribidea 63, nazioarteko zubiaren ondoan), abenduaren 18ra arte. Marrazki irabazleek, berriz, ikusgai jarraituko dute hurrengo ediziora arte. Erakusketa ostegun eta ostiraletan bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 14:00etara, jaiegunetan eta zubietan izan ezik.
