Cabecera Interior

Jardunaldi ludiko-kirol hau, urtez urte, Irun, Hondarribia eta Hendaian bizi diren gazte askorentzat eskola-kirol denboraldiari amaiera emateko hitzordu berezi bihurtu da.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, ekainaren 17ko arratsaldean Bidasoa-Txingudiko Eskola Mini Olinpiaden edizio berri bat antolatu zuten FICOBA erakustazokan. 2014 eta 2018 urteen artean jaiotako 400 haur inguruk jokoez, tailerrez eta ezustekoz gozatzeko aukera izan zuten, parte hartu zuten kirol-kluben inplikazioari esker.

Eskualdeko kirolaren erakusleihoa

Parte hartu zuten 16 erakundek askotariko programa eskaini zuten, eta honako kirol hauek praktikatzeko aukera eman zuten: piraguismoa (Santiagotarrak K.E.), bela (Hondarribia Itsas Bela Kluba), errugbia (Txingudi Rugby Club), eskubaloia (Hendaye Handball – CD Bidasoa), futbola (Real Unión Club – Club Deportivo Mariño), areto futbola (Irun Futsal), atletismoa (Bidasoa Atletiko Taldea), judoa (Club Judo Hendayais), mahai-tenisa (Leka-Enea), squasha (Lur-Alai), xakea (Bidasoa Xake Kluba), saskibaloia (Erroibide Saskibaloi Kluba), gimnasia artistikoa (Aia Gimnasia Artistikoa), boleibola (Suge Trebeak Voley) eta hipika (Jaizubia Klub Hipikoa), baita txirrindularitza ere (Club Ciclista Irunés).

Azpimarratzekoa da eskualdeko kirol-klubek hitzordu honekin duten konpromiso irmoa. Izan ere, denboraldian zehar izan ohi dituzten betebehar ugari gorabehera, urtez urte berritzen dute beren parte-hartzea. Era berean, aurtengo edizioak eskualdeko kirol-eskaintzaren aberastasuna eta aniztasuna islatu ditu, gimnasia artistikoa, boleibola, saskibaloia eta hipika bezalako diziplina berriak gehituta. Horiei azken urteotan sendotu diren beste modalitate batzuk batu zaizkie, hala nola areto futbola, squasha eta txirrindularitza, eskualdeko kirol-sarea gero eta zabalagoa eta aberatsagoa bihurtuz.

Inklusioaren eta kohesioaren aldeko apustu sendoa

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak jardunaldi hau pertsona guztientzat irisgarria izan dadin egiten duen apustuari eusten dio. Horregatik, egokitutako kirol-modalitateak eskaini ditu aukera ematen duten kiroletan, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin (FGDA-GKEF) lankidetzan.

Era berean, jarduera askoren artean atseden hartu behar dutenentzat jolasgune libre bat ere prestatu du.

Ildo beretik, San Pedro eta San Martzial jaien harira FICOBAko aparkalekuan jarritako barrakek ere ekimen inklusibo honekin bat egin dute, eta "zaratarik gabeko eguna" izeneko ordutegi berezia eskaini dute. Horren bidez, 20:00ak arte ez da musika ozenik ezta barraketako ohiko soinu gogaikarririk ere egon; hau da, udalarekin adostutako ordutegia baino ordubete gehiago.

Jarduera osagarriak

Beste urte batez, Mini Olinpiadek programako ohiko proposamenekin osatu dute eskaintza, hala nola jolas tradizionalen gunearekin eta dagoeneko ohitura bihurtu den "Marraztu Bidasoa" marrazki-lehiaketarekin. Aurtengo gaia Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak antolatzen duen Bidasoa Folk jaialdiaren XXV. edizioa izan da.