Irungo, Hondarribiako eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folk jaialdiaren kartelen erakusketa antolatu dute Bidasoko Interpretazio Zentroan, jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko. Erakusketak lurraldeko kultura-ekitaldirik esanguratsuenetako baten historia bisualean barrena ibilbidea proposatzen du.

Erakusketa doan bisitatu ahal izango da maiatzaren 7tik abuztuaren 23ra arte Bidasoko Interpretazio Zentroan, Avenida zubian kokatua.
Gunea ostegun eta ostiraletan egongo da zabalik — zubi eta jaiegunetan izan ezik — aldi osoan zehar, eta uztail eta abuztuan larunbat eta igandeetan ere bai, 10:00etatik 14:00etara.
Erakusketak jaialdiaren 25 urteko ibilbidean izan duen bilakaera estetiko eta kulturala islatzen duten kartel guztiak biltzen ditu, diseinu grafikoa ez ezik, folk musikaren arloan erreferente bihurtu den ekitaldi baten nortasuna ere balioan jarriz.
Erakusketa honen bidez, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak herritarrak gonbidatu nahi ditu jaialdiaren historia ikuspegi bisual batetik berriz deskubritzera, urte hauetan Bidasoa Folkek kultur topagune eta mugaren bi aldeetako truke-gune gisa izan duen garrantzia azpimarratuz.
Bidasoa Folk Jaialdia folk musika bere adierazpen ezberdinetan publikoari hurbiltzeko helburuarekin sortu zen, jatorri desberdinetako artista eta ikusleen arteko kultur trukea eta elkar ezagutza sustatuz. Urte hauetan zehar, jaialdiak sustraiak, aniztasuna eta musika proposamen berriak uztartzen jakin duen programazioaren alde egin du, tokiko eta nazioarteko musikariak bilduz eta Bidasoa-Txingudi lurraldeko kultura nortasun partekatua indartzen lagunduz.
Erakusketa honekin, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak 25 urteko musika, bizikidetza eta kultur trukea ospatzen ditu, kultura komunitateen arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko tresna gisa ulertzeko apustua berretsiz.
Halaber, eskerrak eman nahi dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdi honen hastapenetatik emandako babes ekonomikoagatik.