Cabecera Interior
  • Irun, Hondarribia eta Hendaiako hamar ikastetxek, 34 taldetan antolatuak, parte hartu dute euskara modu ludikoan sustatzea helburu duen mugaz-gaindiko ekimen honen lehenengo edizioan.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, Egin Ttap! Bidasoaldea, eskualdeko haurren artean euskararen erabilera sustatzeko lehiaketa digitala.

Jarduera irailaren 22tik urriaren 24ra bitartean garatu da, eta Irungo eta Hondarribiko Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek eta Hendaiako CE2 eta CM1eko ikasleek parte hartu dute. Taldeka edo ikasgelaka lehiatu dira, kulturari, naturari, ortografiari, ezagutza orokorrari eta eskualdeari berari buruzko galdera-sortei erantzunez.

Guztira, hamar ikastetxek hartu dute parte proiektu honetan. Izena eman duten 34 taldeetatik 23k bost galdera-sortak osatu dituzte, eta azken sailkapen orokorra egitea ahalbidetu duen puntuazio metatua lortu dute.

Egin_Ttap_Bidasoaldea_Behin-betiko_emaitza.png

Jokoa sailkapen bat izan arren, Egin Ttap! Bidasoaldeak ez du izaera lehiakorrik, ezta saririk ere, bere helburua gazteen artean euskararen erabilera modu dibertigarri eta parte-hartzailean sustatzea baita.

"Ekimen honen helburua euskara mugaren bi aldeetako haurren arteko harremanetarako hizkuntza gisa indartzea da, jolasaren eta lankidetzaren bidez", nabarmendu du Nuria Alzaga Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak.

Estitxu Urtizbera Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak adierazi duenez, "euskara elementu komuna da mugaz gaindiko lurraldean, eta funtsezkoa iruditzen zaigu txikitatik sustatzea. Jolasaren eta lankidetzaren bidez, haurrek naturaltzat eta gertukotzat bizitzea lortzen dugu ".

Bestalde, Itziar Aizpuru Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak gaineratu duenez, "ikasleek eta irakasleek erakutsitako gogoak erakusten du horrelako jarduerak oso tresna eraginkorrak direla eguneroko testuinguruetan euskararen erabilera dinamizatzeko".

Proiektuak harrera ona izan duenez, erakundeak bigarren edizio bat planteatu du 2026an, Irun, Hondarribia eta Hendaiako euskara sailekin elkarlanean.

Sailkapena jeitsi