Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 2025eko mugaz gaindiko kirol jardueren urteko programaren balantze oso positiboa egin dute. Bidasoaren bi aldeetako ehunka parte-hartzaile bildu dira, bizikidetza, lankidetza eta bizitza osasuntsuaren balioen inguruan.
Programa horren jardueretarako aurrekontua 48.000 €-koa da, eta % 24an finantzatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpenaz. Lau ekimen sendotuk osatzen dute nagusiki: Bidasoako Itzulia, Txingudi Korrika, Bidasoko Jaitsiera Hegatsekin eta Bidasoa-Txingudi Mini-olinpiadak.
Parte-hartze handiko eta ekitaldiak sendotzeko urtea
2025ean zehar, programak beste behin erakutsi du kirola eta mugaz gaindiko lankidetza batzeko gaitasuna duela.
Bidasoa Itzulia Elkarteak antolatutako Bidasoako Txirrindulari Itzuliak, egutegi nazionaleko eta nazioarteko 23 urtez azpiko proba nabarmenetakoa, Espainia, Frantzia eta Belgikako 18 talde bildu zituen, maiatzaren 8tik 10era bitarteko 3 etapatan, lurraldearen nazioarteko proiekzioa indartuz.
Bidasoa Atletiko Taldeak antolatutako Txingudi Korrikak, Hendaia, Irun eta Hondarribia artean urriaren 5ean ospatutakoak, ehunka korrikalari bildu zituen berriro ere hiru hirien batasuna sinbolizatzen duen hitzordu batean.
Bidasoa Ibaiaren Nazioarteko Jaitsiera Hegatsekin maiatzaren 18an ospatu zen, Izurde eta Urpean kluben arteko lankidetza zabalaren ondorioz, eta Kantauriko eta Pirinioetako igeriketa eta urpekaritza klubek parte hartu zuten.
Bestalde, maiatzaren 21ean, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak berak Ficoban antolatutako Bidasoa-Txingudi Mini-olinpiadak 800 ikasletik gora bildu ziren inklusioan, errespetuan eta ohitura osasungarrietan oinarritutako jolas- eta kirol-jardunaldi batean.
Kirola, kooperazioa eta komunitatea
Nuria Alzaga Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak nabarmendu duenez, "mugaz gaindiko kirol programa adibide bat da erakundeen arteko lankidetza herritarren ongizatean nola gauzatzen den erakusteko. Kirola, osasuna, hezkuntza eta bizikidetza uztartzen dira ekimen horietako bakoitzean ".
Bestalde, Estitxu Urtizberea Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak azpimarratu duenez, "Partzuergoak bultzatzen dituen proiektuek kirolaren inguruko espazio komun bat finkatzen dute, non Bidasoaren bi aldeetako gazteek eta helduek balioak, ahalegina eta gogoa partekatzen dituzten".
Itziar Aizpuru Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak gaineratu duenez, "aurtengo balantzeak berresten du kirola funtsezko tresna dela gure komunitateen eta tokiko kluben arteko loturak sendotzeko".
Etorkizunari begira
Partzuergoa 2026ko programa planifikatzen ari da, jardueren dimentsio parte-hartzailea eta inklusiboa indartzeko, jasangarritasuna sustatzeko eta kirolaren eta balio partekatuen bidez mugaz gaindiko lankidetza sustatzen jarraitzeko.
Lan hori indartu egin da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren laguntzarekin; izan ere, bi erakundeek 2008an sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, mugaz gaindiko kirol-jardueren urteko programa kofinantzatuta dator.