-
Irailaren 13an, 14an, 20an eta 21ean egingo dira bisitak, eta interesdunek Partzuergoko webgunearen bidez eman beharko dute izena.
-
Ibilbideak Bidasoa-Txingudi Badiako Bidea zeharkatzeko diseinatuta daude.
Europako Mugikortasunaren Astea dela eta, irailaren 16tik 22ra ospatuko dena, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, herritarrentzako zabalik egongo den bizikleta bidezko bisita gidatuen egitarau berezi bat antolatu dute.
Jarduera horiek irailaren 13 eta 14ko, baita 20 eta 21eko asteburuetan ere egingo dira. Iruneko eta Hondarribiko udalek antolatutako programazioarekin bat datoz. Europako Mugikortasun Astearekin eta Ondarearen Europako Jardunaldien Frantziako ekimenarekin, baita Hendaian egingo den Garapen Iraunkorraren Europako Astearekin ere bat datoz. Ekimen honen helburua ohitura arduratsu eta jasangarriak sustatzea da, batetik, eta baliabide historiko zein naturalen sustapena, bestetik.
Ibilbideak Bidasoa-Txingudi Badiako Bidea zeharkatuko du, Hondarribiko Portua turismo-bulegotik abiatuta eta Sokoburuko plazan (Hendaia) amaituta, Plaiaundi, Bidasoa Interpretazio Zentroa, Behobia eta Nazioarteko Zubia bezalako gune esanguratsuak bisitatuz.
Asteburu bakoitzean hizkuntza bakoitzeko talde bat antolatuko da: frantsesez (larunbatetan, 16:00etan), gaztelaniaz (larunbatetan, 16:30ean) eta euskaraz (igandeetan, 16:00etan). Bisita bakoitzak 2 ordu eta 30 minutuko iraupena izango du gehienez, eta 12 pertsonako taldeetan egingo da. Parte-hartzaileekin bidai gidari profesional bat eta segurtasunari buruzko oinarrizko jarraibideak emango dituen animatzaile bat egongo dira.
“Jarduera honek erakusten du nola ondare naturalak eta kulturalak eskutik joan daitezkeen mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuarekin. Patzuergotik mugaz gaindiko lurraldea indartzen duten eta herritarren inplikazioa sustatzen duten proiektuak bultzatzen jarraitu nahi dugu”, adierazi du Nuria Alzaga, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko presidenteak.
Ibilbidean geldialdi laburrak egingo dira aurrez hautatutako seinale informazio-guneetan, parte-hartzaileek ingurune honen historia, biodibertsitatea eta bilakaera ezagutzeko aukera izan dezaten. Jarduera 12 urtetik gorakoentzako da, eta 16 urtetik beherakoek heldu batekin joan beharko dute eta kaskoa eraman beharko dute derrigorrez.
“Halako proposamenek ezinbesteko eginkizuna dute gure lurraldea irisgarriagoa, bizigarriagoa eta jasangarriagoa bihurtzeko. Herritar guztiak animatzen ditut parte hartzera eta gure ingurunea beste ikuspegi batetik bizitzera”, adierazi du Estitxu Urtizberea, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko kideak.
Parte-hartzaile bakoitzak bere bizikleta ekarri beharko du. Ibilbidearen hasieran ur-botilatxoa eta mugaz gaindiko mugikortasun-planoa banatuko dira, eta oinarrizko segurtasun-arauak gogoraraziko dira. Izena ematea online formulario baten bidez egingo da, eta bertan hautatu ahal izango da nahi den hizkuntza. Ezeztapen kasuetan, itxaron-zerrendaren bidez kudeatuko dira hutsik geratutako plazak.
“Bisita hauek aukera paregabea dira ingurunea modu aktibo, seguru eta jasangarrian ezagutzeko. Patzuergotik ingurumen-hezkuntza eta tokiko ondarea balioan jartzen duten ekimenekin jarraituko dugu”, adierazi du Itziar Aizpurua, Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek.
Ekintza ezberdinak hiru hirietan
Irunen, bisita gidatu hauek mugikortasun jasangarriaren inguruko jarduera-programa oso bati gehitzen zaizkio, irailaren 16tik 22ra egingo dena. Besteak beste, honako ekimen hauek nabarmendu daitezke: Elatzetako Eskola-ingurua Baretu, eskola-ingurunean segurtasuna hobetzea eta kutsadura murriztea helburu duena; emakumeentzako hiri-bizikletaren erabilerari buruzko tailer praktikoa; Eguzkitza ikastetxearekin batera gauzatuko den Eskola Bidea proiektua; bigarren eskuko bizikleten azoka Zabaltza plazan; Gipuzkoako Foru Aldundiaren konponketa kamioiaren bisita; bizikleta-martxa herrikoia; eta Auto barik Egunaren ospakizuna, irailaren 22an, Colon etorbidea trafiko motordun pribatuarentzat ixtearekin batera.
Hondarribian, bisita gidatuen irteera hartzeaz gain, mugikortasun jasangarriaren inguruko jarduera-programa zabala garatuko da. Besteak beste, solasaldiak, bizikleten diagnostiko-tailerrak, herritarren arteko topaketak espazio publikoaren erabilerari buruz hausnartzeko, baita bizikleta-martxa eta kalean ospatuko diren jarduera festiboak ere nabarmendu daitezke. Proposamen hauek guztiak tokiko elkarteekin lankidetzan antolatuta daude, mugikortasun aktiboa eta herritarren parte-hartzea sustatzeko giro ludiko eta irisgarri batean.
Hendaian, irailaren 16tik 22ra bitartean, herriko Mediatekan “Bougeons-nous, c’est vital !” erakusketa ikusi ahal izango da, CAUE 64 erakundeak ekoitzia. Erakusketak mugikortasun jasangarriaren erronkei buruzko sentsibilizazioa eskaintzen du eta ingurumenarekiko errespetutsuagoa den eredurantz aurrera egiteko ekintza zehatzak proposatzen ditu. Era berean, irailaren 20an, larunbata, Hendaian egingo den Garapen Jasangarriaren Astea dela eta, Recycl’Artek tailer parte-hartzailea antolatuko du Sokoburuko azokan: “Vélo-Mobile” (8:00-13:30). Bertan, mekanikari profesional batek parte-hartzaileei beren bizikletak berrikusten eta konpontzen lagunduko die.
Ekimen hau Partzuergoko aurrekontuetatik finantzatutako urteko ekintzen egitarauaren barruan kokatzen da, eta 2025ean 12.000 euroko partida du helburu horretarako, mugikortasun jasangarria eta lankidetza transnazionala sustatzeko estrategiaren baitan. Jarduera horien artean dago, gainera, mugaz haraindiko mugikortasunaren mikrositio bat mantentzea, duela gutxi eguneratu dena smartmob.irunhondarribiahendaye.com helbidean, Hondarribia eta Donibane Lohizune arteko desplazamendu-aukerei buruzko informazio zehatzarekin.
Eguraldi oso txarra eginez gero, bisitak bertan behera utzi ahal izango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero eta izena emateko, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak kudeatzen duen web atari ofizial honetan kontsulta daiteke dagokion deskribapen-artikuluan dagoen artikulua.