Cabecera Interior

• XXII. edizioa abuztuaren 18,19 eta 20ean ospatuko da

• Doako 3 kontzertu izango dira, arratsaldean eta aire librean

• Bertako, nazioko eta nazioarteko artistek parte hartuko dute

Presentacion Bidasoa Folk

Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, Bidasoa Folk jaialdiaren XXII. edizioa antolatu dute. Abuztuaren 18an, 19an eta 20an, Irunen, Hendaian eta Hondarribian 3 kontzertu egingo dira folkaren eta musika garaikidearen eszenan erreferentzia diren taldeekin. Alemania, Aljeria, Armenia, Maroko, Siria, Valentzia eta Euskal Herritik etorritako artistez gozatzeko aukera izango da.

Irungo Udalaren ordezkaritzan, Miguel Angel Paezek nabarmendu du “oso harro antolatu dugu aurtengo Bidasoa Folk jaialdia, hogeita bigarren urtez jarraian ospatuko dena. Hiru udalerrietako agenda kulturalean finkatutako jaialdia da, eta gero eta oihartzun handiagoa du nazioartean”.

Bestalde, Hondarribiko Udalaren izenean, Juan Luis Silanesek gogorarazi du “udan, abuztuan zehazki, Txingudi badiako hiru hiriak kalitate handiko folk musika entzuteko toki ezin hobeak izango dira. Kontzertuak aire librean eta arratsaldeetan izango direnez, adin guztietako ikusleentzat izango dira erakargarriak”.

Itziar Aizpuruk, Hendaiako Udalaren ordezkari gisa, gaineratu du “eskaintza askotarikoa da, bertako artistentzat, estatukoentzat eta nazioartekoentzat lekua dago. Bisitariaren egonaldia erakartzeko eta handitzeko jaialdi bikaina da; publiko aditua eta musika-genero horretan adituak direnak kasu askotan”.

Azkenik, Joxean Martinek, jaialdiaren zuzendari artistikoa, azpimarratu du “aurten 3 kontzertu izango dira, doakoak, aire librean, 3 egunetan jarraian eta 3 udalerritan, folkaren barruan dagoen gama zabalaren erakusgarri izango dira”.

Bidasoa-folk-CABECERA

Bidasoa Folk jaialdiaren arrakasta

Duela 22 urte sortu zen, eta kultura arteko proiektu honen jatorrizko asmoa zen folk musikako mugaz gaindiko jaialdi bat antolatzea, Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalekin elkarlanean, BIDASOA TXINGUDI MUGAZ GAINDIKO PARTZUERGOAREN bitartez.

Udalen arteko lankidetzak, antolakuntzaren esparruan, kalitatezko folk musikako jaialdi bat aurkezteko ahalegin guztiak bateratzea ahalbidetu du, doako kontzertuen bidez, askotariko ikusleak erakartzeko asmoz: Bidasoako herritarrak eta bisitariak, gazteak eta ez hain gazteak, zaleak, jakitunak eta adituak.

Jaialdi honek Bidasoa Txingudi Eskualdea kultura eta turismo interesgune gisa garatzea ahalbidetzen du eta, aldi berean, herrialde ezberdinetako musika eta tradizioak balioan jartzea. Gainera, jaialdi honen kultura- eta musika-aniztasunak Bidasoa-Txingudi lurraldearen berezko kultura-aniztasuna nabarmentzea ahalbidetzen du.

Bidasoa Txingudi eskualdeko herritarrak jaialdi paregabe honetan hobeto ezagutzea eta elkartzea ere Bidasoa Folk jaialdiaren erronketako bat da.

Informazio gehiago jaialdiaren webgunean HEMEN