Cabecera Interior

Deskargatu pdf

Txingudi badiako natur eremua

Txingudiko badia balio handiko ur-eremua da, kokapen geografikoagatik, ezin hobea baita hegazti migratzaileek merezi duten atsedena har dezaten urtero Europako iparraldetik hegoaldera egiten dituzten bidaietan. Mundu-mailako erakunde handiek, hala nola RAMSAR Hitzarmenak edo Natura 2000 Europako Sareak, beren babes-planetan sartu dituzte bertako hezegune gehienak. Oso leku aproposa da mugaz gaindiko ingurunean naturan barrena ibilaldi ederrak egiteko familian.

Irungo Plaiaundiko Parke Ekologikoa Babes Bereziko Eremu bat da, eta 23,4 ha ditu. Babesleku garrantzitsua da, eta bertan, 250 hegazti-espezie baino gehiago ere ikusi dituzte, eta baita anfibio- eta arrain-espezie asko ere, horietako batzuk endemikoak. Paseatzeko eta behatzeko egokiak diren ekipamendu guztiak ditu, eta dorre eta etxolak, bi kilometrotan zehar bidexketan banatuta.

Hondarribirantz jarraituz, Jaizubiako padurak daude. 70,4 hektarea babestu dira, eta horietatik 38,1 babes berezikoak dira, eta gainerakoak, nekazaritza-babesekoak. Hiru kilometro ditu bidezidorretan, eta horietan barrena, Aingiraportuko informazio gune bat topatuko dugu, eta baita bunker zahar baten gainean dagoen begiratoki bat ere, ibaitik itsasoraino naturaz lotzen diren Gipuzkoako lezkadi zabalenen artean.

Badiako mugako lerroa ibai-ontzi batekin zeharkatzen badugu, Hendaiako Belceniako berdegunera iritsiko gara laster. Garai batean, hezeguneak ziren, eta gaur egun, aisialdirako gune izateko egokituta daude, eta azpiegitura ugari dituzte gazteen gozamenerako. Sokobururantz doan ibilbide zabaletik, Txorien Uharteko lokatzak ikus daitezke dorre batetik. Leku pribilegiatua da hegaztien atsedenerako, eta horregatik izena du horrela uharteak, eta Natura 2000 Sareak babesten duen gune bat da.

area-natural-bahia-txingudi

 

Erraz iristeko moduko beste bide berde batzuk

Mugaz gaindiko badiaz gain, badira interes natural bereziko beste eremu batzuk ere, hiriguneetatik oinez edo bizikletaz erraz iristeko modukoak.

Irunen:

  • Artia eta Ibarla artean, Aiako Harria eta San Martzial mendien oinetan, bidexka ugari daude basoetan zailtasunik gabe sartzeko.
  • Oxinbiribil eta Behobia artean, Bidasoa ibaiaren ertzean, bizikletarientzako eta oinezkoentzako bidean asko goza dezakegu, ibai-uharteen edertasuna eta, bereziki, Faisaien uhartea ikusiz.
  • Zaisa eta Endarlatsa artean, Bidasoko bide berdean ibil gaitezke (Ederbidea). Garai bateko meatze-trenaren trenbidean barrena doa ibilbide berritu hori, eta ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu ibai aldera.

Hondarribian:

  • Arrantza-portuaren eta San Telmo gazteluaren artean, labarrean eta kai-morruko arroken gainean hausten diren olatuek nolako indarra duten ikus daiteke.
  • Puntalen eta Kai Zaharraren artean, Bidasoa ibaiko ur gezaren barealdiaz gozatzen da. Ur hori Txingudiko badiako Kantauri itsasoko ur gaziekin nahasten da.
  • Amute-Kosta eta Arkolla artean, Jaizkibel mendiaren magalean barrena ibil gaitezke bidexketatik, bertako bitxiak ikusiz, hala nola Goiko Errota.

Hendaian:

  • Behobi eta Santiago artean, Bidasoa ibaiaren bazterra zeharkatzen duen bidezidorra dago, eta bertan, udalerriko auzo bati izena ematen dioten ihitokiak nabarmentzen dira.
  • Gaztelu Zahar eta Kaneta artean, pasabide bat dago ibaiaren gainetik pasatzen dena, eta handik, erdigunera igo gaitezke, gotorleku zaharraren aurrien eta kanoien artean.
  • Arroka Bikien eta Abbadia eremuaren artean, itsasertzeko ikuspegi ederrak goza ditzakegu, eta baita basoetako, landetako eta lorategietako fauna eta flora ere.

 

vias-verdes-facil-acceso

  

Interpretazio zentroak - fauna eta flora

Txingudiko Badiaren natur inguruneari, mendiko parke naturalei eta mugako hiru hirietako berdeguneei buruzko informazioa osatzeko eta liburuak, posterrak edo multimedia-tresnak eskuratzeko, interpretazio-zentroak bisitatzea da onena.

Txingudiko Ekoetxea Irunen

Plaiaundiko parke ekologikoan dago informazio-, babes- eta ikerketa-zentro hau, eta Txingudiko Badiako hezeguneetako fauna eta flora berezia azaltzeko panelak eskaintzen ditu.

Arma Plaza Zentroa Hondarribian

Hondarribiko ondare historiko eta kulturalei balioa ematen die zentro honek, eta udalerriko itsas tradizioari, Jaizkibel mendiari eta Jaizubiako padurei buruzko liburuak, gidak eta bestelako materialak ditu.

Itsas ertzeko etxea Hendaian

Asporotsttipiko etxean euskal itsas ertzeko interpretazio-zentro bat dago. Inguruko faunari eta florari buruzko informazio-panelak eskaintzen ditu, eta Abbadia eremuan naturalki egindako produktuak eta interes ekologikoko liburuak saltzen dituzte bertan.

centro-interpretacion-fauna-flora

 

+ INFO => www.bidasoaturismo.com - www.hendaye-tourisme.fr – www.irunhondarribiahendaye.com

AGENDA => www.irun.org - www.hondarribia.eus – www.hendaye.fr