Cabecera Interior

Deskargatu pdf

Paisaia bereziak - Hondarribia

Hiri baten ondare naturalaz gozatzeko, ba al da hirigunetik apur bat urrundu eta bihotza lasaitasunez beteko diguten bista ederrez gozatzea baino modu hoberik? Kostako errepidetik Jaizkibel aldera joanda, Higer lurmutur ingurura iritsiko gara. Bertan, XIX. mendeko eraikuntza interesgarri bat dago eta, gainera, panoramika ezin ederragoez gozatzeko parada emango diguten zenbait mendibideren iturburua da. Zehazki, amildegiak inguratuz Pasai Donibaneraino doan Talaia bidea bertatik abiatzen da, bai eta Pirinioak mendebaldeko muturretik ekialdeko puntaraino zeharkatzen dituen GR 11 bidea ere.

HIGERREKO ITSASARGIAREN ETA INGURUAREN HISTORIA

Higerreko itsasargiaren ezaugarri nagusia haren dorrea da: oin laukizuzenekoa da, eta gainean beste dorre oktogonal txikiago bat du. 1878an eraiki zuten, ingurune basati eta menditsuan, amildegitik gertu. Pasaiako Portuko Kapitaintzak kudeatzen du itsasargia, eta haren linternaren optika birakaria 23 itsas miliatatik ikusten da. 65 metroko altueran dago, 21 metroko harrizko dorre baten gainean, eta euskal itsasargietako altuena da. Itsasargia Kantauri itsasoko ekialdekoena da eta, aldi berean, haren kokagunea Higer lurmuturra da, hots, Pirinioetako punta mendebaldekoena.

JAIZKIBELGO KALAK ETA IPARRALDEKO KOSTALDEA

Inguruko lurren ezegonkortasuna dela eta, ez da gomendagarria amildegietatik behera jaistea, baina interesgarria da itsasargira hurbiltzea eta, inguruko bidexketatik ibilita, urrunetik behatzea Kantauri itsasoak zizelkatutako kala ederrak eta uren erdian altxatzen diren uharte txikiak. Bi panoramika eder daude, eta bertatik itsas hegaztien joan-etorriak beha daitezke. Egun argietan, gainera, Iparraldeko kostalde guztia ikusten da, ondo-ondoan dagoen Hendaiatik hasi eta Biarritzeraino.

 + INFO => www.bidasoaturismo.com - AGENDA => www.hondarribia.eus

itinerarios-paisajes-singulares-hondarribia

 

Paisaia bereziak - Irun

Aiako Harria naturagunearen magaletan, meatzaritzaren historiaren aztarnak dauzkagu zain. Bidasoaldean erromatarren garaian ustiatu ziren meategiak lehen aldiz (Oiasso). Ibarla izeneko paraje ederrean hasten da, Ola sagardotegitik gertu, Irugurutzetako labeetara eramango gaituen bidea. Bertatik inguruko meategiak esploratu ahalko ditugu. Mendi-bideetan barneratzen bagara, naturaren xarman murgilduko gara, eta ametsezko paisaiak ikusiko ditugu, hala nola Aitzondoko ur-jauzia.

IRUGURUTZETAKO LABEEN MULTZO HISTORIKOA

Bidasoaldeko meategiak (Meazuri, San Nartziso...) baliabide-iturri izan dira inguruko lurrentzat bi mila urtez eta duela oso gutxira arte. Erauzketa-lan handi horiek arrasto ugari utzi dituzte lurraldean, hala nola aurriak eta errailak. Horien artean, aipatzekoak dira Irugurutzetako labeak, minerala prestatu eta kiskaltzeko prozesuen erakusgarri. Duela gutxi berritu zen eremua, eta Meatzaritzaren Interpretazio Zentro bat dago han. Bertatik, bisita gidatuak antolatzen dira, ingurune hartan egindako prozesu industrialak ulertzeko. Bisita horietan, mendian barneratzen diren tunelak ere bisitatzen dira.

MEATEGIETATIK AITZONDOKO UR-JAUZIRAKO BIDEA

Meatzaritzaren garaietan sakonago murgildu nahi izanez gero, 2 kilometroko joan-etorriko bide eder bat dago. Labeetatik bertatik abiatuta Aitzondoko ur-jauziraino eramango gaitu. Gipuzkoako ur-jauzirik garaiena da, 140 metroko altuera baitu. Ibilbideak bi aldapa malkartsu ditu baina, edonola ere, nahiko erraza da mendian ibiltzera ohituak daudenentzat. Mineralaren erauzketarekin lotutako zenbait inguru zeharkatuko ditugu, hala nola tunelak, harrobiak eta hondakindegiak, garraiorako erabiltzen zen tren zaharraren bidea jarraituz.

+ INFO => www.bidasoaturismo.com - AGENDA => www.irun.org

itinerarios-paisajes-singulares-irun

 

Paisaia bereziak - Hendaia

Abadia jauregia leku enblematikoa da benetan. Anton Abadia Ürrüstoi XIX. mendeko zientzialari eta bidaiari handiak eraikitakoa, Itsasertzaren Kontserbatorioarena da gaur egun, eta arkitekturaren eta naturaren harribitxiak aurki daitezke bertan. Viollet-le-Duc arkitektoak eraikitako jauregiaz beraz gain, baso eta lorategietan zehar kostalderaino doazen bidexkak ere badaude, altueratik eta urrunetik behartzeko itsasertzak ezkutuan dituen altxor geologikoak.

DUNBARRIAK, EUSKAL GEOLOGIAREN HARRIBITXIAK

Hendaiako hondartzaren ezaugarri nabarmena dira kareharri arrosazko bi harkaitz horiek. Ozeanoaren higaduraren lekuko hauek flysch geologikoaren parte dira, non gure planetaren bilakaera handiak ikertzen diren oraindik ere. Euskal kostaldeko beste eremu batzuetan ez bezala, badirudi harkaitz hauek nahiko ongi eutsi diotela denboraren joanari, eta itsas hegazti ugariren habien kokalekua dira. Noizbait, hirugarren harkaitz bat ere lehorretik bereiziko du higadurak, eta Dunbarriak hirukote bilakatuko dira.

ABADIA JAUREGIA, EDERTASUN PAREGABEA

Dunbarriez gain, Santa Ana lurmutur inguruko bidexketatik, Abadia jauregiak aukera ematen digu Bidasoaren bokaleko eta kostalde atlantikoko orografia ikusgarriak eskainitako bista izugarriez gozatzeko. Alde batean Hendaia eta Hondarribiko hondartzen artean mantso-mantso itsasoratzen diren ibai-ur geldoen paseo lasaia ikusiko dugu eta, handik metro gutxira, beren itsas bidaia amaitzen ari diren olatuen erritmoa adituko dugu, morfologia malkar eta harrigarri horretako amildegien kontra indarrez hausten direnean.

+ INFO => www.hendaye-tourisme.fr - AGENDA => www.hendaye.fr

itinerarios-paisajes-singulares-hendaye