Cabecera Interior
Plaza de Armas

Hiriko espazio publiko nagusia izan da Arma Plaza, eta aldarrikapenak, harrerak, zezenketak eta beste hainbat herri jai egin izan dira bertan.

Karlos V.A Enperadorearen Gaztelua

Erdi Aroko gaztelu baten hondakinen gainean eraiki zen gotorleku hau, muinoaren alde gorenean, hirigune historikoan, Bidasoa ibaiaren bokalea ikusmenean zuela.

Nafarroako Antso Abarka erregearen garaian eraiki zuten lehen eraikina; eta 1190. urtean handitu eta gotortu zuten Nafarroako beste errege baten garaian, Antso VII.a Azkarraren garaian, hain zuzen ere. 1200. urtean jasota dago leku honetan gaztelu bat zegoela Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Gipuzkoa hartu zuenean. Geroago, Errege Katolikoek gaztelua berritu zuten, eta Karlos V.aren garaian handitu zuten.

Lau angeluko oina du eraikuntzak, horma sendoak, 2 eta 3 metroko lodierakoak. Eraikuntza ederrekoa da, monumentu bikaina, zorrotza eta sendoa.

Eraikina gaztelua eta jauregia zen aldi berean. Gaur egun, Erdi Aroan eraikitako erdiko gunea ageri du, lau angeluko oina patioarekin eta kubo hondakinak Ekialdeko muturrean. Hainbat handitze egin ziren bertan, horietan nabarmenena fatxada nagusia, Karlos V.ak eraikiarazia. Soiltasun handiko fatxada da, eta bertan sartzeko portalea nabarmenena da benetan, arku txiki batek osatua eta dekorazio xumearekin, alfiz bat bolekin. Haren gainean armarri inperiala ikus daiteke, buru biko arranoarekin.

Castillo CarlosIV

1797ko kartografiaren arabera, eraikinak sei solairu zituen eta horietan soldaduentzako eta guardia taldearentzako hainbat gela, biltegiak, aldagelak, bolbora eta munizio gordailuak lehergailuen aurka babestuak, ziegak, zalditegiak, mistoen laborategia eta beste. Harrizko gangek oraindik eusten diote hamar artilleria pieza izan zituen goiko plataforma edo terraza bati, eta 1737ko planoen arabera, estalki edo teilatu batek babesten zuen hura.

Eraikina partikular batek erosi zuen salmenta publikoan diru kopuru bat ere ez handian. Geroago, 1929. urtean, Udalak erosi zuen Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa erreginak eskatuta, 1928. urtean, Hirira etorri zen aldi batean kezkatuta geratu baitzen eraikina berehala saldu behar zutelako, eta erostea proposatu zion orduan herriko alkatea zen Francisco Sagarzazuri.

Udalak 1966ko maiatzaren 25ean hartutako erabakiaren bidez, Karlos V.a gaztelua Estatuaren eskuetara pasa zen berriro ere, berritu eta turismo paradore gisa egokitzeko (www.parador.es) Informazio eta Turismo Ministerioaren jarraibideen arabera.