Cabecera Interior

ITURRIA => www.irun.org

Hegobus

Euskal Hirigune Elkargoko garraio kolektiboko sareetako bat da Hegobus, eta aurten presentzia handiagoa izango du gure hirian. Mugaz gaindiko linea hori Irun erdialdera iristen zen (Fermín Calbetón kalean zuen geltokia), baina uda honetan Puianaraino iritsiko da eta, beraz, hiria alderik alde zeharkatuko du.

«Oso urrats garrantzitsua da Irungo garraio publikoaren sarea indartzeko, mugaz gaindiko ikuspegiarekin. Irunen dauzkagun hiriko eta hiriarteko lineei Hegobus zerbitzua gehitu behar diegu. Egia da lehendik ere bagenuela, baina uda honetan ibilbide luzeagoa izango du eta, horrela, askoz auzo gehiagori emango die zerbitzua. Autobusa hondartzaraino doa, eta aukera ematen du Iparraldeko beste herri batzuetara doazen lineetara iristeko. Garraio publikoaren erabilera sustatzeko beste modu bat da, mugikortasun jasangarriago baten alde egin dugun apustuaren barruan», adierazi du Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak.

Zerbitzua (31. linea) abuztuaren 29ra arte luzatuko da. Egun horretatik aurrera, ohiko zerbitzua eskainiko da berriz, hau da, bidaia Fermín Calbetón kalean amaituko da. Horrela, autobus-zerbitzua egongo da Puiana eta Hendaiako hondartzaren artean, uztaileko eta abuztuko egun guztietan. Hauek izango dira tarteko geltokiak (bai joaneko bidaian bai itzulikoan): Aldabe mendia 13, Letxunborro-Gibanaka, Hondarribia kalea-Gurutze Gorria, Zubiaurre, Colón 43, Luis Mariano, San Juan plaza, Nafarroa hiribidea 18 eta Ficoba. Hendaian geltoki hauek ditu zerbitzuak: Gare SNCF, Casa Esperanza, Ville, Belcénia, Cèdres, Tulipiers, Chèvrefeuilles, Eglise Sainte Anne, Les Deux Jumeaux, Galbarreta, Abbadia eta EHPAD Zahar Etxea.

Txartelaren prezioa 1 eurokoa da.

Hegobus garraio-sareak hiri barruko zein hiriarteko zerbitzuak ematen ditu: hiri barrukoak, Hendaian eta Donibane Lohizunen, eta hiriartekoak, Hendaye, Biriatou, Urrugne, Ciboure, Saint Jean de Luz, Guéthary, Ahetze, Ascain, Sare eta Saint Pée sru Nivelle artean. Hegobus 2016an iritsi zen Irunera, eta oso urrats garrantzitsua izan zen Bidasoaren alde bietako mugaz gaindiko harremanetarako. Gogoan izan Hegobusen 33. linea ere Irunera iristen dela: hondartza eta Behobia arteko ibilbidea egiten du.

Lineei buruzko informazio guztia www.hegobus.fr helbidean dago. Handik deskargatu eta kontsultatu daitezke ordutegiak eta zerbitzuaren zehaztasunak.

Hegobuseko 31. lineako liburuxka deskargatu