Cabecera Interior

• Irungo alkatea, José Antonio Santano, izango da presidente berria; Hondarribikoa, Txomin Sagarzazu, eta Hendaiakoa, Kotte Ecenarro, Lehen eta Bigarren Lehendakariordeak izango dira, hurrenez hurren.

• Gaur goizean egindako bileran, Mugaz Gaindiko Partzuergoaren 2021eko Aurrekontu Orokorren proiektua ere baliozkotu da.

IMG 2231

Gaur goizean Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren Kontseilu Nagusiaren bilera egin da Hondarribian, 2020ko otsailaren 25eko bileraren aktaren irakurketarekin hasi dena.

Jarraian, gaur arte Partzuergoko lehendakaria izan den Hondarribiko alkateak, Txomin Sagarzazuk, hartutako erabakien berri eman du.

Ondoren, 2020ko martxoan egindako udal-hauteskundeen ondorioz Hendaiako Udalak Kontseilu Nagusian izango dituen ordezkari berriak izendatu dira. Partzuergoaren estatutuetako 14. artikuluak ezartzen duenez, Kontseilu Nagusiko ordezkarien agintaldia bertan behera geratzen da izendatu ziren karguak berritzearen ondorioz, eta Partzuergoko Kontseilu Nagusiak 9 ordezkari izan behar ditu, udalerri bakoitzeko hiru, Udal bakoitzeko osoko bilkuretan hautatzen direnak. Hendaiako Udalbatzak 2020ko uztailaren 29an hartutako Erabakiaren ziurtagiria jaso denez, honako hauek dira ordezkariak: alkatea, Kotte Ecenarro jauna; Richard Irazusta jauna (Partzuergoko Zuzendaritza Batzordean Hendaiako Udalaren ordezkari izaten jarraituko dena) eta Laetitia Navarron andrea.

Gainera, Kotte Ecenarro jauna Ficoba Fundazioaren Patronatuan Bidasoa- Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren ordezkari ere izendatu da.

Bestalde, Zuzendaritza Batzordeak bere eskumenen esparruan hartutako jarduera eta erabakien berri eman dio Kontseilu Nagusiari.

Partzuergoaren eta Bidasoa bizirik-en arteko Kudeaketa Hitzarmena onesteko ebazpena berrestea

Gaur goizean egindako bileran, Kontseiluak berretsi egin du Lehendakaritza Sailaren 2020ko abenduaren 21eko 8. ebazpena, Bidasoa bizirik Garapen Agentziarekin sinatutako kudeaketa-hitzarmena onartzeari buruzkoa.

Hitzarmena aldi baterako sinatu da, sei hilabeterako. Horren bidez, Bidasoako Garapen Agentziak bere gain hartzen du Partzuergoaren jardueraren kudeaketa osoa, Partzuergoaren organo erabakitzaileek hartutako erabakiak eta ebazpenak kudeatu eta betearazteaz arduratzen da, eta Partzuergoa dinamizatzeko funtzioa hartzen du bere gain, proiektuak bultzatuz eta jarduteko irizpideak proposatuz, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

2019ko aurrekontuaren likidazioa

Bestalde, 2019ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman da eta onartu egin da. Likidatzen den ekitaldiko aurrekontuko kreditu gerakinak ere onartu dira, 13.189,93 eurokoak.

Jarraian, Partzuergoaren 2019. urteko aurrekontuari buruzko Kontu Orokorrari buruzko espedientea ikusirik eta Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak 2020ko abenduaren 21ean egindako aldeko akordioa ikusirik, 2019. urteko Kontu Orokorra baliozkotu da.

2021erako Aurrekontu Orokorrak

Halaber, Mugaz Gaindiko Partzuergoaren 2021eko Aurrekontu Orokorren proiektua baliozkotu da. Aurrekontu horien zenbateko osoa 340.514,87 eurokoa da, eta kontusail nagusiak hauek dira:

-Hirigintza (garraio publikoa eta mugikortasuna sustatzea): 15.600 €

-Kulturaren sustapena: 43.000 €

-Euskararen sustapena: 20.600 €

-Kirolaren sustapena: 37.000 €

-Turismoari buruzko informazioa eta sustapena: 20.500 €

Partzuergoko Lehendakaria eta Lehendakariordeak izendatzea

Azkenik, Partzuergoaren estatutuek ezartzen dutenez, lehendakari karguak eta bi lehendakariordeenak txandaka beteko dira urtebeterako, eta, beraz, Partzuergoko Kontseilu Nagusiari honako akordio-proposamen hau egin zaio: José Antonio Santano Irungo alkatea Partzuergoko Kontseilu Nagusiko Lehendakari; Hondarribiko Alkatea, Txomin Sagarzazu, Lehen Lehendakariorde eta Hendaiakoa, Kotte Ecenarro, Bigarren Lehendakariorde izendatzea.