Irun, Hondarribia eta Hendaiako eliteko klubak inplikatu dira Ficoban egindako ekitaldian.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako 8 eta 12 urte arteko 500 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte maiatzaren 22an Ficoban egin zen Kirolaren jaian. Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalek antolatzen dute ekitaldi hori Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez.
Jardueraz betetako arratsaldea izan zen, eta bertan, jokoak eta kirol ginkanak egin, margo lehiaketa baterako marraztu edo gaztelu puzgarrietan salto egiteaz gainera, hainbat kirol egin ahal izan dituzte, errugbia, mahai tenisa, xakea edo futbola, besteak beste.
Bestalde, arratsalde erdian askari goxoa izan dute eta hainbat opari zozkatu dira.
Edizio honetan, modu berezian parte hartu dute eremuko kirol klubek. Eliteko jokalariak etorri dira ekitaldira, beren kirolekin loturiko tailerrak egin dituzte eta ekipamendua eta kirol materiala zozkatu dituzte.
Zehazki, honako hauek hartu dute parte: Real Unión, Lekaenea Mahai Tebisa, Bidasoa XXI, Marlaxka, HS2 Surf Center, Txingudiko Badia Tenis Kluba, Txingudi Errugbi Kluba, Hondarribia Arraun Elkartea, CD Bidasoa Irun eta Real Sociedad Fundazioa.
Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak oso positiboki baloratu du aurtengo ekitaldia. Gainera, eskertzen du Irun, Hondarribia eta Hendaiako nesken eta mutilen parte hartze handia eta ikastetxeen nahiz kirol kluben ahalegin eta laguntza handia.
Kirolaren bidez partekatzeko ekitaldia
Mugaz gaindiko integrazioa eta hizkuntza trukea bultzatzeko ekimena da hau. Hauxe da, hiru hirietako neskatoei eta mutilei aukera ematen zaie elkar ezagutzeko eta hizkuntza desberdinetan hitz egiteko kirolaren bidez.
Kirolaren jaiaren hemeretzigarren edizioa izan da aurtengoa, jende asko biltzen duen ekitaldia da, 2014. urteaz geroztik Ficoban egiten dena. Kirolaren laian, Irun, Hondarribia eta Hendaiako Udalez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu du ekonomikoki. Klubez eta ikastetxeez gain, Alcampok eta Decathlonek ere eman dute laguntza.